Zornotzarrak

Facebook Twitter

Albisteak

2018-2019ko Euskaraldiko emaitzak

2019-12-10

Ikerketa txostenak argitaratu dira, bai udalerrikoa, bai Euskal Herrikoa

2018ko udazkenean ospatu zen lehen aldiz Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena. Herritarren hizkuntza ohiturak euskararen alde aldatzea zuen helburu, eta ahobizi eta belarriprest rolen laguntzaz, euskararen erabilera sustatzeko baldintza sozial egokiak sortu nahi izan zituen. Ekimenean 400 herritik gora aritu ziren, horien artean Amorebieta-Etxano, eta 225.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten (gure herrian 2.000 pertsona inguru), guztien artean Euskal Herrian inoiz egin den ariketa soziolinguistiko koordinatu handienetako bat martxan jarriz.

11 egunez ikusi ziren txapak kaleetan eta euskara jendearen aho-belarrietan; baina aski izango ote zen hura euskararen erabilera sustatzeko eta eskuratutako ohitura berriak epe luzean iraun arazteko? Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtu eta aztertzeko asmoz ekimenarekin batera abian jarri zen I. Euskaraldia ikerketa proiektua. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak egin zuen proiektu horren lanketa teknikoa, eta bi jomuga izan zituen hasieratik: batetik, Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituretan izan zezakeen eragina argitara ekartzea; eta bestetik, herritarrek ekimenaz zuten iritzi eta ideiak jasotzea. Euskal Herri osoko parte hartzaileen datuak bildu ziren galdetegi bidez eta emaitza horien azterketak herritarren hizkuntza ohituren berri eman eta Euskaraldiak horiengan izandako eragina bistaratu zuen.

Datu bilketa oparo horrek Euskal Herri mailako emaitzak ez ezik, herri mailakoak ezagutzeko aukera ere zabaldu zuen, eta Soziolinguistika Klusterrak zerbitzu gisa eskaini zuen horien berri izateko aukera.

Dokumentu honetan, hain zuzen ere, Zornotzako herritarren datuak ikusi ahal izango dituzue.

 


facebook
0
twitter
atzera
amorebieta-etxano.eus amorebieta-etxano.eus Bizkaia foru aldundia